Garaipen garrantzitsua lortu zuen Ordiziako lehen taldeak, Ordizia Siglo XX, Lezora egindako bidaian. 35-36 irabazi zion Munttarperi. Partida ez zuten ondo hasi txokoko jokalariek, 8. minuturako 8-2ko kontrako markagailuarekin zeuden. Taldeak ez zuen etsi eta lanean jarraitu zuen, atsedenaldira gol bateko desabantailarekin iritsiz, 18-17.
Bigarren zatian parekotasuna handiagoa izan zen jokoan eta markagailuan. Hasieran etxeko taldeak 3-4 goletik alde egitea lortu zuen, baina 10 minuturen faltan ordiziarrek markagailuari buelta eman eta gol 1 gora jartzea lortu zuten. Hortik aurrera berdinketa ugari izan ziren, 2 minuturen faltan Ordizia 2 goitik jarri zen eta bazirudien bi puntuak eskuratuko zituela, baina lezoarren erreakzioa ona izan zen eta 7 segundoren faltan penalti bat izan zuten berdinketa lortzeko. Ibaiek gelditu egin zuen eta horrela berretsi zen garaipena.
Erritmo handian jokaturiko partida, non bi eraso onen lana defentsa lanari gailendu zitzaion, 71 gol lortu ziren eta atezainen geldiketak eta baloi galerak egon ziren. 110 eraso baino gehiago jokatzera iritsi ziren, honek joko erritmo bizia erakusten du. Defentsan hobetu behar dugu, gol asko sartu arren gehiegi sartzen baitizkigute eta partida oso parekatuetan mugitzen gara markagailuan.
Emakumezkoen seniorrak porrota jaso zuen Orion, kostaldeko herriko titularraren aurka, azken markagailua 30-28koa izan zen. Partida oso orekatua izan da, talde bakar batek ere ez du lortu markagailuan aldentzea, baina ordiziarrak beti joan dira atoian. Atsedenaldira 16-12 iritsi dira, eta hori izan da partidako desabantailarik handiena.
Bigarren zatian hobeto jokatu zuten ordiziarrek eta 47. minutuan 25-24 jarri ziren markagailuan. Azken uneetan partida berdintzeko baloia izan zuten, baina ez zuten asmatu gola lortzen eta azkenean bi golengatik galdu zitutzten.
Taldearen partida ona izan zen, jokoan erregularrak ez izan arren partida irabazteko lehian jarraitu baizuten. Atezaina ezin izan zen partidara joan, eta, ondorioz, 2 jokalarik bete zuten bere postua. Horrek defentsako lanak garrantzi handia izatea ekarri zuen, ondo defendatzea lortu zen eta partida osoan zehar markagailu parekatua mantentzea lortu zuten.
Jubenil mailako taldeak ezin izan zion aurreko asteburuko joko mailari eutsi eta azkenean 25-32 galdu zuen Aloña Mendiren aurka, atsedenaldira 10-17koarekin iritsi zen. Lehen zatian partida erabaki zen, eta partida galduta dagoela dirudienean taldeak jokoa berreskuratu eta emaitzari eustea lortu zuen gertatu ohi den bezala, 15 goleko berdinketa izan zen bigarren denboraldi honetako markagailua.
Gizonezkoen kadete mailako taldeak porrota jaso zuen Bergararen aurka Majorin jokatutako partidan, 33-38. Azken porroten ondoren taldea berriro lehiatu zen eta partidan egotea lortu zuen. Ordiziarren portaera azpimarratzekoa da, 5 jokalari falta izan ziren arren, partidatik ez alde egitea lortu zuten, 2 aldaketa edukitzeak bakarrik zaildu zuen ordiziar taldeko kideen lana.