Garaipen garrantzitsua lortu zuen joan den larunbatean Ordizia Siglo XX taldeak Urolaren aurka, Zumarragan jokatutako partidan. 24-27 talde urdinaren aldekoa izan zen azken markagailua. Emaitza honekin talde ordiziarra hirugarren postuan konfirmatu da, bigarrenarekin puntutan berdinduta, eta Zumarragako taldea laugarren postuan 3 puntura utziz.
Joan den larunbatean ikusi ahal izan genuen partida oso parekatua izan zen, bi taldeetako batek ere ez zuen partida haustea lortu. Markagailuko oreka konstante bat izan zen neurketan, 9nako berdinketa 20. minutuan, 14-12koa atsedenaldian Ordiziaren alde eta 23nakoa 55. minutuan, une honetan talde urdiaindarrak bere prestazioak handitu zituen eta azken 24-27raino joan zen.
Partida polita Zumarragan ikusi ahal izan genuena, mailako bi talde indartsuenen artean. Ez zien huts egin itxaropenei, aurkariaren erasoak gainditu zituzten bi taldeen defentsa bikaina. Berdintasuna etengabea izan zen eta talde bakar batek ere ezin izan zuen partida hautsi.
Defentsako lan onaz gain, talde urdinaren sendotasun mentala azpimarratu behar da. Neurketaren parekotasunean, ia beti markagailuan nagusi zen taldea urdiña zen, 2 goleko abantailak lortuz, baina abantaila berreskuratzen ziotenean taldeak lanean jarraitzen zuen eta markagailuan agintea berreskuratzen zuen, ez zen inoiz behera etorri eta garaipena lortzeko lanean jarraitu zuen.
Emakumezkoen seniorrak ezer gutxi egin ahal izan zuen Irauli taldearen aurka, mailako oilarretako bat. 15-27ko markagailuak argi uzten du bi taldeen arteko aldea kantxan. Ondo hasi zen talde urdiña eta 20. minutuan 7-8 zegoen markagailuan. Une horretan talde urdiña blokeatu egin zen eta 7-0eko partzialarekin 7-15eko markagailuarekin atsedenaldira erretiratu zen. Bigarren denbora ezustekorik gabe joan zen eta azkenean talde donostiarra 15-27 nagusitu zen.
Taldeak ez du erregulartasun lerro bat lortzen, joko oneko uneak ematen dizkigu, bai defentsan bai erasoan, gero itzali eta partidatik alde egiteko. Baloiaren galerak, kontrakoen presiorik gabe, taldearen bidegurutzeetako bat izaten ari dira. Gainera, erregulartasuna lortu behar dugu partida osoan zehar.
Nahiz eta 27-30 galdu, bigarren taldeak Egia liderraren aurka jokatu zuen partida bikaina izan zen. Majorin jokatutako partidan argi geratu zen ordiziarren progresioa, une oro liderrari aurre egin ziotenak. Nahiz eta talde bisitariak ezin izan zuen partida hautsi, beti 3 goleko abantailarekin mantendu zen, baina azken minutuetan jokalari urdinek eskura izan zuten berdinketa lortzea, baina azkenean ezin izan zen.
Bigarren taldeko jokalari gazteak oso modu argian ari dira aurrera egiten euren jokoan, eta edozein talderi aurre egiteko gai izaten ari dira. Garaipena ez da ailegatzen, baina joan den igandean jokatu zuten moduan jakatuz argi dago gertu dagoela. Lortu behar duguna da aurkari ahulagoen aurrean joko maila horri eustea eta horrela garaipenak lortzea.
Jubenil mailan gizonezkoen taldeak garaipena lortu zuen Arrasateren aurka Majorin. 36-27 izan zen azken markagailua, eta nabarmentzekoa da ordiziarren erasoko ahalmena, lasai nagusitu baitzitzaion aurkariari. Hori guztia lehen denbora orekatu baten ondoren, non talde arrasatearra 12-13 nagusitu zen. Atsedenaldiaren ostean ordiziar jokalariek erreakzionatu eta garaipen erosoa lortu zuten.
Kadete mailan gizonezkoen taldea Elgoibarri gailendu zitzaion, bere kantxan, markagailuan 31-36 sartuz, Diputazio Trofeoari hasiera ona emanez. Emakumezkoen taldea, bigarren urtekoa, era berean nagusitu zitzaion Saiekori, 25-5. Lehen urteko emakumezkoak galdu egin zuen Eibarren, 29-16 mailako liderraren aurka. Markagailuak ez dio kantxan ikusitakoari justizia egiten, ordiziarrek askoz gehiago merezi izan zuten.
Infantil mailan Ordizia Eniriok, bigarren urtekoa, 21na berdindu zuen Aiala zarauztarraren aurka, lehen zatian nagusi izan zen partidan, 12-9 atsedenaldian. Ordizia Eskubaloia lehen urteko infantilak 27-25 galdu zuen Zumarragan Urolaren aurka, gehiago merezi izan zuen partidan. Ordizia Oianguk 13-17 galdu zuen Bera Beraren aurka, bere progresioa oso argi utziz. Aurreko norgehiagokan talde urdiaindarrak 12 gol galdu zituen.